Ekoizpena ekonomia sozial eta solidarioaren jardueretara (borondatezkoak edo asoziatiboak) birbideratzea bultzatuko luke; zainketen ekonomiara (bizitza sistema sozioekonomikoaren erdigunean jartzen du); denbora-bankuetara eta tokiko beste truke-sistema batzuetara; kontsumo-ekoizpeneko zirkuitu motzetara, autoekoizpenera eta autogestiora, etab.

Produktibitate ekonomikoa handitu ez arren, hazkunderik gabeko oparotasuna bultzatzen duten eta eskulan gehiago behar duten jardueretarako laguntza izango litzateke, nekazaritza ekologikorako adibidez. Beraz, BGOEk zuzenean eta zeharka lotzen du trantsizio sozioekonomikoa: horren bidez, gero eta leku handiagoa uzten zaio merkataritzaz kanpoko ekoizpen bati, sozialki eta ekologikoki erabilgarria, kooperatiboari, autonomoari, hau da, giza eskalako ekonomia pluralari eta biosfera errespetatzen duenari.

Gure bizimodua aukeratzeko gonbidapena litzateke, bai eta gure kontsumo- eta ekoizpen-ohiturak gutxiagorekin hobeto bizitzera bideratzekoa ere. Gainera, lan-alienazioaren dinamika hausten du, bakoitzari bere finantza-autonomia bermatzen baitio, eta edozein lan ez-duin, ez-solidario (belaunaldi barrukoa edo intergenerazionala), osasunarentzat eta/edo ingurumenarentzat arriskutsua dena, errefusatu egiten baitu. Enpresaren eta langilearen arteko indar-harremana berritzen du, eta babes-ezkutu bat da lan-hobekuntzak aldarrikatzeko orduan.