Zer da BGOE?
Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errenta (aurrerantzean, BGOE) esleipen ekonomiko publikoa da, herritar guztien oinarrizko beharrak aseta egon daitezen bermatzeko. Eusko Jaurlaritzak ordainduko die EAEan bizi diren pertsona guztiei. Hilean behingo errenta izango litzateke, gutxienez pobreziaren atalasea baino handiagoa, eta Administrazio Publikoek ordainduko liekete lurralde berean bizi diren pertsona guztiei.
Nork eskuratuko du?
BGOE baldintzarik gabekoa, unibertsala eta banakakoa izango litzateke.
- Baldintzarik gabe, hura jasotzeko ez baita inolako baldintzarik bete beharko, 3 hilabeteko aurretiazko bizileku-aldia justifikatzea izan ezik (erroldatuta egon zein ez).
- Unibertsala, bakoitzak dituen diru-sarrerak edo ondarea kontuan hartu gabe kobratuko litzatekeelako.
- Banakakoa, pertsona bakoitzari ordainduko litzaiokeelako, norekin bizi den kontuan hartu gabe.
Zeintzu dira BGOEren helburu nagusiak?
Helburu nagusia pobreziari amaiera ematea da. Eta horri lotuta, gutxieneko nahikotasun ekonomikoa bermatzea, bizitza-proiektuei askatasun eta autonomia handiagoz ekiteko. Askatasuna ezinezkoa da baliabiderik ez badugu; askatasunak baliabide nahikoak eskatzen ditu. Horrek, zauritzen gaituenari, menderatzen gaituenari uko egiteko eta ezetz esateko negoziazio-botere bat dakar; guztiok benetan berezkotzat sentitzen ditugun interdependentzia, lan eta bizitza batzuei baietz esan ahal izateko.
Zer aldatuko litzateke Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errenta batekin? Guztiontzako etorkizun bat asmatzen
Pobrezia ezabatu, bizitza duina bermatu
Pertsona orok gutxieneko errenta izateko eskubidea izatea da pobrezia geldiarazteko eta parte-hartze sozialerako eskubidea eta autonomia pertsonala bermatzeko modua. Eskubide horrek zuzena izan behar du, burokraziarik gabe eta enplegua baldintzatu gabe.
Lana pentsatzeko modu berri bat
Gure gizartea oztopatzen duen enplegu prekarioa desagerraraztea. Enplegua gainditzea errealizazio pertsonalerako eta ekarpen sozialerako aukera bakar gisa. Aurrerapenaren eta ekonomia produktiboaren alde egitea, morrontzazko ekonomiaren aurrean.
Feminismoa, baliabideak eta autonomia
Desberdintasunak murriztea ahalbidetuko duen diru-sarrera bermatzea, guztien bizi-baldintzak hobetuz. Baliabideak bermatzea, pertsona bakoitzak bere bizitzari buruz autonomiaz erabaki ahal izan dezan.
Banatzeko modu berri bat
Oinarrizko errenta XXI. mendeko birbanaketa-mekanismoa da. Gero eta desberdintasun sozial handiagoaren aurrean, mekanismoak behar ditugu %1 eta %99 arteko muga hausteko eta elite batek aberastasun guztia metatu ez dezan.
Emantzipazioa, askatasun pertsonala eta bizitzaren zentraltasuna
Esplotaziorik gabeko bizitzak, errealizazio pertsonalerako eskubidea eta pertsona bakoitzaren gaitasunak askatasunez garatzea bermatzea. Gure komunitateetan, osasun mentalean eta gertuko sareetan inbertitzeko denbora.
Ekologismoa eta jasangarritasuna
Bizitza jasangarriak posible egitea. Enplegua guztiaren erdigunea denean, pertsonei eta planetari kalte egiten diegu. Denbora libratzea, gure ingurunearekin bizimodu jasangarriak eta arduratsuak izateko.