HAUTESKUNDE BATZORDEAK ONIRITZIA EMAN DIO LHEri EAEn BGOE IZATEKO.

DATORREN IRAILAREN 18an SINADURAK BILTZEKO KANPAINARI HASIERA EMANGO DIOGU

Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errentaren aldeko Legegintzako Herri ekimenak aurrerapauso bat eman du. EAEko Hauteskunde Batzordeak paperezko sinadurak biltzeko formularioak onartu ditu, bai eta otsailaren 18an Eusko Legebiltzarrean aurkeztu genuen Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errenta baten aldeko sinadura digitalak egiteko eredua ere.

Datorren astelehenetik aurrera digitalki sinatu daiteke https://rentabasica.eus/ webgunearen bidez, eta https://sinatu.rentabasica.eus eta https://firma.rentabasica.eus domeinuetan.

Baina datorren irailaren 18an izango da emango diogunean hasiera sinadurak biltzeko kanpainari. Hiru ekitaldi egingo dira hiru hiriburuetan, pobreziaren aurkako politika publikoetan erantzukizuna duten erakundeetako batzuen aurrean.

Lau hilabete ditugu 10.000 sinadurak biltzeko, lau hilabete ditugu hirietako herri eta auzo guztietara iristeko, lantokietara eta unibertsitateetara iristeko, hainbat mobilizazio egiteko. Lau hilabete ditugu BGOEren eskakizuna herritarren gehiengoak babestu eta parlamentuan gehiengo batek entzun dezan.

Horregatik, hemendik animatu nahi ditugu gizarte zibileko erakundeak, bai eta ekimen honetan interesa duten norbanakoak ere, hiru lurraldeetan funtzionatzen ari diren batzarretan parte hartzera, Irailaren  18an hasiko den prozesuari babesa emateko eta Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoak neurri hori babestera behartzeko, herritar guztientzako funtsezko eskubide gisa.

Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errenta batekin pertsona guztiok irabazten dugu.

BGOE LHE BATERAKO SUSTATZEN DUEN BATZORDEA.

                                               Bilbo, 2021eko irailaren 10-ean